Marokoko lau gazte auzora etorri dira bizitzera. Gazteak eta kirolariak. Bost egun eman zituzten pateran Kanariar Irletara iristeko. Etengabe pentsatzen dut egin zuten bidaia horretan. Bost egun itsasoaren erdian, miseriatik ihesi. Bost gau bere isiltasun eta beldurrarekin. Bost gau, nola bukatuko den bidaia jakin gabe.
Hainbat elkarte eta jende partikularra laguntzen ari zaizkie beren bizitza berria ez dadin hain gogorra izan.
Sufritzen ari denarenganako samurtasuna, agian, gizadi-keinu zorrotzenetako bat da, positiboena. Aurreiritziei eta buloei uko egitea eta elkartasunari aurpegia jartzea gomendagarria izaten da merezi duen gizarte bat eraiki nahi badugu.
Ea oinarrizko Errenta laster iristen zaien eta bizitza duina izan dezaketen, ea bizitzan laguntzen dien jende solidarioarekin gurutzatzen diren, ea inoiz ez duten xenofobia edo aurreiritzien gogortasuna pairatzen.