Besteon ideiei errespetua, adierazpen askatasunaren kontra. Garrantzitsuak diren bi trenen arteko talka alegia.
Talka kalean, talka epaiketan eta talka Iruñeako udalean, epaiketa honen kontra aurkeztutako adierazpena aurrera atera ez zelako. Akordiorako puntuetan, artistarekin elkartasuna adierazten zen eta kode penalaren artikulu horren ezabaketa eskatzen zen, hori bakarrik, hala ere adierazpen garbi honen aurrean abstenitu zen Geroa Bai, berri txarra benetan.
Errespetua eta adierazpen askatasunaren arteko eztabaidan, zalantzak izatekotan, beti adierazpen askatasunaren alde egin beharko genukeela uste dut. Azken hau balore eta eskubide absolutu bat delako, gure gizartearen oinarri.
Muturreko katolikoek eginen dute berriz ere bere performance partikularra, guk ordea ausardiaren bandera aterako dugu beldurrik gabe, ausardiak ematen baitio arte sorpenari bizitzeko behar duen oxigenoa.