San Juan bezpera, sarna fuera

Erabiltzailearen aurpegia Eusko Kultur Fundazioa 2015ko eka. 23a, 10:50

San Juan bezperako ospakizun tradizionalen inguruko luxuzko bideoa josi du -espresuki gure agerkarirako- Eusko Kultur Fundazioak, Nafarroako hainbat herritan jasotako lekukotzekin: Legasa, Igoa, Azpilikueta, Erratzu, Arraiotz, Berroeta, Aniz, Bera, Irurita, Arizkun, Gorriti, Lekaroz, Eraso, Gartzain, Luzaide, Narbarte, Eltzaburu, Urritzola, Ezkurra eta Doneztebe.

Urteko egunik luzeena. Urteko gaurik laburrena. Majikotik zerbait duen data dugu San Juan bezpera. Zer esanik ez, urte batzuk atzera eginez gero, sinismen erlijiosoak puri-purian zeuden garaian.

Beti su garbitzailea ospakizunaren erdian, bateko eta besteko ohiturak gorde izan dira gure herrietan, batez ere mendialdean: etxez-etxeko errondak, alorren bedeinkatzea ekaitzak eta bere kalteak uxatzeko, dantza bereziak, maiatzaren paratzea, panpinen erreketa... Eta, nola ez, suaren gainetik jauzi egitea.

Sua egiteko modu ezberdinak izandu dira herriz-herri, dela adar hutsekin, dela korpus eguneko ihi idorrekin, dela erramu egunean bedeinkatutako erramuekin edo aurreko urteko San Juan egunean bedeinkatutako San-Juan belarrekin. Iluntze aldean sua piztu eta familia guztiak egiten zuen salto gainetik, baita etxeko zaharrenek ere. Suaren gainetik salto egitean, zenbat herri hainbat esaera. Ohikoena, San Juan bezpera, Sarna fuera!

Egungo egunean ere baditugu sutara botatzeko hainbat arrazoi eta agian esaera berriz baliatzea ez legoke gaizki!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!