Batzuetan auzo-lotsa ematen dit esan eta egiten duguna. Baina, bereziki, ezkutatzen dena. Demagun Iruñea kanpotar horri erakutsi behar diogula. Hiriaren ohiko bisitaldian, entzierroaren ikuskizun atabikoaz gain, hiru bitxi ditugu: katedrala, harresiak eta jauregiak. Hiruak botere nagusien adierazgarriak. Bertako eta urrutiko pertsona konta ezinen bizkarrera egindakoak.
Michael Zeuskeren ikerketa gomendagarria argitaratu dute: “Esclavitud. Una historia de la humanidad”. Datu eta pista baliagarriak ematen ditu aberastasunen jatorrian kolonialismo eta esklabotasunaren garrantzia ezagutzeko. Iruñean, Corellan edo Elizondon erakusten dugun ondarearen alde esanguratsuak horrekin lotura zuzena du.
Noiz bultzatuko da horren aldeko aitortza? Noizko egia, justizia eta erreparazio historikoa? Gurekiko txokokeri biguna praktikatzen dugun bitartean, besteekiko zorroztasun gupidagabea erakusten dugu.