Goizean goiz hasten ziren lanean. Kanabera luze-luzeak zituzten, bi muturretan ahokadunak. Kale erdian zen estolden burnizko erregistroa altxatu, bazterrean jarri eta han hasten zen beraien zeregina. Kanabera beherantz bideratu, estoldaren bidean jarri eta ia osorik bistatik desagertu aurretik hurrengoa lotu eta aurrera.
Jakina da gure kulturan estimatzen ez den oro kakarekin berdintzen dugula. Haur txikiari zerbait jan ez dezan kaka dela esaten zaio, alderdi politikoa ustelkeriaz ito denean kakaz goraino dago, edo barne liskarrak protagonista direnean kaka festan dira, epaileek hanka iletsua erakusten dutenean besteen bizitza kakaren pare jartzen dute edo gure bizitzan irrist egiterakoan kakatua garela diogu.
Merced kaleko haurtzaroan garbitzaileek, modu sinplea eta eraginkorra erabiliz, estolden buxadurak libratzen zituzten. Gero, progresoaren izenean, mineta eta estoldak txikitu ziren. Orain kaka arazoak biderkatzen direlarik, lan eskaintza publikoa egin beharko litzateke kanaberadunak kontratatzeko. Eleaniztunak, aukeran.