Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua. Ramón Lazkanoren “Hondar” konposizioaren estreinaldia Iruñean. Piezaren oinarrizko gaia, Mikel Chamizoren iritzian, higadura da. Musika garaikidea, soinu efimeroak, hara eta hona hots olatuak proiektatzen.
Nire aulkitik gertu pertsona adinduak emanaldia laguntzeko tresna bilduma ekarri du bere zorro beltz ederrean. Eta hasi da musikariekin batera goxokiak biluzten ahoratu aurretik, betaurrekoak zapitxoaz garbitzen, musuzapien txanda etorri da gero sudur zuloak libratzeko eta, bestela ere, eskuzko programaren liburutxoa ireki-itxi erritmo erregularrean.
Musika garaikidean parte hartzeko bidean guztioi lezioa eman digu. Ondoren, klasikoen artean klasikoa den Felix Mendelssohnekin, joera artistiko performatiboaren jarraitu du. Beraz, artista osoa.
Tira, hau bezalako istorio txepelak idatzi beharko ditugu, epaile aurrean ez bukatzeko. Bitartean, eta askatasuna askatzen ez dugun bitartean, gora Felipe Gorriti! Gora Dimitri Xostakovitx!