Bat. Madrilen egoitza duen egunkari ezagunak astean iragarri du hemendik aurrera paperezko eguneko aleak Amazon, Inc izeneko enpresaren bidez zabalduko dituela. Argi eta garbi babestu du trantsizioaren aroa, eredu ekonomiko neoliberala edo kanon kulturala. Beraz, azken hamarkadetan pentsaera zuzena sortzeko eta nagusia egiteko eduki duen protagonismoak bide berrietan gauzatzen jarraituko du. Oraingoan beste enpresa harrapakari baten laguntzaz.
Bi. Iruñean hipermerkatu eta liburu-denda kateek sutsuki kulturaren alde egingo dute aste honetan. Aurreko astean promozioen protagonistak txerriki iberikoak, udaberrirako alkandarak edo idazle mediatikoen azken letra zopa izan diren bezala, oraingoan liburuak izango dira.
Heroikoa da baina ez ahaztu liburuak liburu-dendan erosteak merezi duela. Baztertu interneteko enpresa predatzaileak. Izkin egin hipermerkatuak diren liburu kateak. Saihestu egunkari ezagunen top zerrendak eta mandamendu babelikoak. Ez ahaztu, honetan ere, negozio erraldoien sareetan arraintxo ahulak gara.