Zutabe eta artikuluetan muturreko joera erakusten dute. Batzuentzat Nafarroan hilabete hauetan gertatutakoa infernuan aurki dezakegun ankerrenaren parekoa da. Eguneroko kontaketa apokaliptikoek ez dute mugarik: komeni dena isildu, baliagarria dena plaza erdian jarri eta guztia mingarrienak diren osagai emozionalez deskribatzen dute. Belaunaldiz belaunaldi guztiaren jabe izan direnak omnipotentzia galdu dute. Besterik gabe, ustekabean.
Bestelako zutabe eta artikuluetan jakinduria erakusten digute. Nor baino nor kritikoagoa eta erradikalagoa. Ireki den zirrikituan, edo arrakalan, besteek proposatzen eta gauzatzen dutena ez da inoiz nahikoa eta egokia, azalezkoa da, berandu dator. Beti ere, kanpotik, erabat kanpotik, datoz ekarpen gorenak. Zilborraren bueltako ibilbidean. Gutasuna sortzeko eta indartzeko arrastorik ez da.
Etxe parean bi barrika dira. Hor izaten dira txandaka antzeko dibinoak, gizonak nola ez, garagardoa eskuetan, edozein gaiaren inguruan lezioak ematen. Ozen eta zuzen. Topikopedia egiteko editore pribilegiatuak.
Tira, dena bat datorrela iruditzen zait.