Iturrama ikastetxearen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2017ko mar. 13a, 12:54

Astean zehar, Alde Zaharretik Iturramara. Behin baino gehiagotan, kasualitatez, beraien ondoan joan naiz. Auzoa zeharkatu, gotorlekua gurutzatu, gaztelu gibela pasa eta ikastetxeraino. Neska-mutilek saldoka doaz goizeko 7:30etatik aurrera. Inor ez doa bakarrik. Taldeka egiten dute bidea, launaka edo seinaka, oinez edo txirrindulaz, mantso goiztiarrek eta arin baino azkarrago berantiarrek. Nahasi ederrean neskak eta mutilak, adinak eta izaerak. Dituzten gogoeten nahi gabeko lekukoa naiz. Solasaldi bizietan irakasleen petralkeriak edo bitxikeriak aipatzen dituzte, lagunen azken berriak, ikaslanak eta azterketak edo bizitzarekiko hausnarketak. Dena bizi, umorez, atsegintasunez, solas ederrean. Ongi sentitzen naiz, erreka baten erdian beste arrain askoren artean.
Mirakulu txiki honek hainbat galdera sortzen dizkit. Hezkuntzan ebaluazioaz ari garelarik, neska-mutilen joan-etorrietan erreparatzen dugu? Hirigintzako mugikortasun planetan, esistitzen dira oinez eta txirrindulaz doazen gazteak? Konturatu gara pertsonen isolamendua gainditzeko ibilbide partekatu hauek duten garrantziaz?. Eta, barkatu gordintasuna, ordaindu gabeko zenbat jarduera dira, hau bezala, ezinbestekoak?
Nick Land filosofoak idatzi du “merkatuaren ikuspuntutik pasatzen ez dena ezerezean gelditzen da eta holografikoki itsatsia gelditzen da zaharkituak diren marketan. Publizitate negatibo moduko batek ahultzen du publikoa, tradizionala, errukiorra, karitatiboa, baimendua, ospetsua edo serio dena, merkantzia pribatuaren sedukzio leunaren alde”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!