Zorionaren izenean, tori beste bat!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2017ko mar. 6a, 12:14

“Parisko Pasaiak”, edo galeria komertzialak, proiektuan Walter Benjaminek azaltzen du “berria edo modakoa dena etengabe iraganera itzultzen da”. Horrela, aro modernoaren hasieran argazkigintzak margolanen tankera hartuko du, tren bagoiek gurdien itxura imitatuko dute edo lehendabiziko lanpara elektrikoek gasezko suen forman emango dituzte.
Aisialdian modernitatearen izenean iragan asmatuari hauspoa ematen zaio. Aspaldiko jai perfektua etengabe birsortzen da, nostalgiaren bidez, pentsa araziz jendartea mundu zoriontsuan garela, dena abegikor eta gatazkarik gabe. Moldea balizko herri txikietako udako jai mitikoa da.
Baina, jaia beste salgai bat da, pertsonentzat debaldeko asmoz zabaltzen dena, auzorako dinamizazio altruistaren izenean aldarrikatzen dena eta, garrantzitsuena, gutxi batzuen mesede ekonomikorako dena.
Alde zaharreko azken adibideak “Zentral” izena du. Santo Domingoko azoka publikoaren zati ederraren pribatizazioaz baliatu da, Burgoen plaza terraza bihurtzeko mehatxua egin du eta “baldintza bereziak” edukitzeko hariak mugitu ditu. Beraz, pausoz-pauso, auzo hau “Zorionaren Pasaia” bihurtzen ari da. Hemen ez dago duintasunez bizitzerik, helburua bestelakoa da: paradisurako bidean merkantziak saltzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!