Iruñeko gune aukeratuetan tamaina handiko eskulturekin tupust egiten dugu. Garai bateko joeren arrastoa. Historikoki bigarren lerroko hirientzat monumentu zaharragoen falta betetzeko lasterketaren lekukoak dira, modernitatea azpimarratzeko abangoardiako itxurak nagusitu zirenean.
Orain ehun urte abangoardien xede nagusia museoa gainditzea zen, bizitzarekin lotura zuzena egiteko, arte burgesaren dekadentzia gainditu nahian. Kale, bazter eta errotondak ikusi eta asmo handia ezerezean gelditu dela ematen du. Hausturarako jaio zena, dekorazio hutsala bihurtu da.
Jakina da burgesia ikasiak beso zabalik jaso zuela etxekalte artistikoa zena. Arte formalista aspaldi bihurtu zen Wall Street edo Genevako etxe garestien arte ofiziala. Gainerako hanbikoentzat IKEAk milaka espazio berdindu ditu originaltasunaren izenean. Minimalismoaren garaian abangoardiaren arteak merkatuetan garaipena lortu du eta kulturgintzan hutsalkeriaren sinomio da.