Kaskarkeria

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Etxarte 2017ko ots. 13a, 13:19

José Luis Pérez de Arteaga hil da. Pertsona kultua, ezer baino lehenago, Radio Clásican esatari beterano eta ezaguna. Aterpe epela, iradokitzailea eta abegikorra sortzen zuen, gainerako irratietan zabarkeria lege denean.
Laboa edo Ravel, Verdi eta Sorozabal, Anari eta Xostakovitx, Beethoven eta Atxukarro gaur ezin dira irrati lagunak izan. Langile klaseari programazio arina, freskoa, dibertigarria eskaini behar zaio. Hau da, esatari zaratatsuak, top zerrendak, anglosaxoiak edo latinoak ezinbestean, eta aditu ez diren adituen aipamen ekaitza. Ergelentzako edukiak, miserableentzako tankeran emanak.
Bizitzatik, irratietatik ere, kultura kanporatzen dugunean kaskarkeriak hartzen du utzitako lekua. Aldi berean, seriotasun osoz, suminduko gara pertsona xumearen ezjakintasunaz edo ideologikoki erakusten duen joeraz.
Balantzean ematen du postmodernismoak asmatu duela goikoa eta behekoaren arteko mugak ezabatzeko ahaleginean, baina, hori bai, goikoa goikoentzat da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!