Ez dakigu hiriarekin zer egin. Zaharra dena berritzaile bezala erakusten da. Ikusi bestela Iruñeko udalak gotorlekurako aurkeztu duen proiektua.
Aurreko zikloan gotorlekua arte plastiko garaikideetarako kutxa bihurtuko zela iragarri zuten Huartetarren bilduma oinarri. Azkenean, gogoratuko duzuenez, 2008an osoaren donazioa hegoalderago joan zen. Orain, museo-faktoriaren etiketa ezagunarekin, Udalak duen bilduma apalari zitadelan apal egokiak jarriko zaizkio.
Arte plastiko garaikidea, diskurtso betean museoen kontra jaio zena, hortxe aurkituko du aterpea aisialdia eta espektakuluaren mesederako. Dena dela, komunitate txiki honen hiriburu txikiak ezin du diren eta ez diren beste eragileekin elkarlana bultzatu? Museo eta kultur azpiegituren joskera aztertu da? Zein da kulturgintzaren diagnosia? Eta, bereziki, espazio bikain horretan, ezin dira komunitaterako bestelako funtziorik bideratu?
Gauzak horrela, Iruñearen erdian dugun zorioneko espazio militar antzu eta lasaiak horrela jarraitzea merezi duela susmoa dut. Bidegabekeri gehiegi egiten dira artea eta kulturaren izenean.