Indiferentzia osoz kontsumitzen da alkohola. Dena du alde. Sareen interesa oso trinkoa da eta hor dira armonia perfektuan ekoizleak eta saltzaileak, udalak eta peñak, jai alternatiboak eta betikoak, soziedadeak eta bajerak. Alkoholaren apologiaren lainoan bizi gara. Asteburu honetan, berriro ere, egunez haur andana batek aita eta ama mozkor betean ikusi dute. Gauez, gaztetxo askorentzat muturreko beste esperientzia ahaztezin bat gertatu da.
Iraganean Merced kalean alkoholak sortutako miseriak ezagunak ziren. Kaletarrentzat ezaguna zen tabernara jotzen zuten gizonen tragedia eta sukaldeko txokoan itotzen ziren emakumeena. Orain, inoiz baino ageriagoa da edozein ordu eta egoeran kale erdian gertatzen delako. Jai handien ohitura zena, egunerokoa bihurtu da. Haustura eta noizbehinkakoa zena, arrunt, sinpatiko, hutsala bilakatu da.
Gero, eskolari kanpaina eraginkorrak egitea eskatuko zaio gaztaroa diziplinatzeko eta alkoholismo goiztiarra saihesteko. Dena osasuna eta bizikidetzaren izenean.