Iruñeko Los Caidosekin, zer egin? Eraitsi behar dela diote frankismoaren ikurra delako. Zer egin mendeetan hiri teokratikoaren ikur diren monumentu erlijiosoekin. Eraitsi? Katedralaren klaustroa edo eta San Nikolas eliza botako ditugu? Zer egin mendeetan militarren ikur diren eraikinekin. Lurrera bota? Ziudadelarekin hasi eta Ezkaba mendian dagoen fuertea berdinduko ditugu? Zer egin kolonialismo basatiaren ikur diren jauregiekin? Redin Cruzat, Ezpeleta edo Iturraldetarrenak behera botako ditugu?
Orain gutxi Gaztelu plazako erromatar garaiko harresi militarrak progresoaren izenean desegin zituzten edo EuskalJai pilotalekua txikitu alde zaharra modernizatzeko. Bazirudien ikasia genuela hiriaren iragana ezagutzea, berrinterpretatzea eta, beharrezkoa den guztietan, funtzio berriak bultzatzea zela helburua.
Jakina da Walter Benjaminen hausnarketa: kultura monumentu oro basakeriaren monumentua da. Idea bera ilustratu zuen Bertolt Brechtek gurean ezaguna den Laboaren kantu ederrean “Langile baten galderak”. Babilonia, Txinako Harresiak, Erroma eta Bizanzio guztiak eraitsiko ditugu ankerkeriaren ikur direlako?