Donostia 2016an Europako Kultur hiriburua izan da. Zer eman du? Urtea izan dugu jakiteko erronka garaikidea elkarbizitza dela, sormen bidea esanguratsuena eta ez produktua, proposamen arrakastatsuak tras-inter-post behar dutela izan, guztiari ukitu eko-eus-global-morea ongi datorkiola, herri-hondar-izozki-olatuek herria eraikitzeko muina direla, prozesu parte-hartzaileek edozer legitimatzen dutela, kulturan ere emozioek dutela lehentasuna.
Urtea bukatzerakoan zuzendariak eta koordinatzaileak balantzea egin dute medioetan. Berástegui mugak, etsipena, sosegu faltaz, ilusio zapuzketaz mintzatu da. Ez ohiko zintzotasuna erabili du. Payak berea eta talde eragilearen lan militantea azpimarratu du. Eta harira ez datozen berri pertsonalak. Erakundeek aho batez txalotu dute egindako ibilbidea.
Dena dela, balantzea egiterakoan hanka esanguratsua falta da: urte osoko espektakulu kultural honek nola lagundu duen Donostiaren marka turistikoa eta inmobiliarioa nazioarteko merkatuan kokatzen. Oraingoan ere, kultura bestelako negozio askoren bidelagun perfektua izan da.