Gerra izan da Europaren egilea. Kultura idatziaren hasieran agertzen diren heroiak hiltzaile kupidagabeak dira. Akiles handien artean handiena. Iliadako protagonistak Patroklo lagunaren mendekurako kontaezinak diren kontrarioak hiltzen ditu. Troia aurreko lautadatik igarotzen den Eskamandro ibaiaren kolera pizten du txikitu dituen gorpuen multzoak uraren jario eten duelako. Izugarria da egindako sarraskiaren tamaina. Ibaiak ez du itsasorako bidea egiterik eta latz aurpegiratzen dio tamainaren krimena.
Irailaren 10ean, larunbatarekin, ezpata eta gurutzearen azpian erori ziren irakasleei omenaldia egin zitzaien. Urte luzeetan hiltzaileek heroi handien trataera izan dute eta beraien atzaparretan erori zirenak gorpu izengabeak. Hemengo gerarren lekukoak hobiak, bazterrak edo paretak izan dira. Horietan bizitzaren jarioak ez du itsasorako biderik aurkitu urte luze hauetan.
San Jose plazan askoren falta sentitu nuen. Merke aipatzen dugu gero elkartasuna, gizatasuna edo duintasuna. Alferrik. Bitartean, Alde zaharrean datorren urteko sanferminak ospatzen hasiak ziren.