Iruñeko Udalak deialdia egingo du sanferminetan sei gune publiko kudeatzeko: San Jose, Baratxurien plaza, Jito Alai, San Frantzisko, Vistabella eta Bosquecilloko plazak. Modu honetan diote «biztanleak ikusle izatetik alde aktiboa izatera pasatzea» dute jomuga. Guztietan, eta hori da mamia, musika 02:30era arte izan ahalko dute.
Aurrekoari gehitu Gaztelu Plazako berbena, Compañía plazako kontzertuak, tabernariek kalean eta kale aldera jarriko duten musika. Eta milaka pertsona ordu guztietan, egunez eta gauez, kale estuetan sortzen duten zarata izugarria. Emaitza? 24 orduz parke tematikoa zabalik. 24 orduz auzokide askorentzat eskubideen urraketa. Nork izan du buruan haurrak, zaharrak, lanera doazenak, eguneroko atsedena hartu nahi dutenak? Nork 11.000 pertsona bizi diren eremu txikira mugarik gabeko parranda egitera uholdea etorriko dela? Nork auzo bat kolapsora eramaten den bitartean gainerako hiria hustuko dela?
Beraz, mila esker Iruñeko Udalari, mila esker negozio latza egingo dutenei eta bereziki jai alternatiboak aldarrikatuz Sanferminen eredu kontsumista, zezenzale, inbaditzaile eta baztertzailearen alde egiteagatik.
Tradizioaren alternatibaren izenean, tradizio urdin gehiago.