Erdiz Bizirik plataformak atzo egindako prentsaurrekoan adierazi zuenez, «Magnesitas de Navarrak 2022ko uztailaren 29an Nafarroako Gobernuan Erdizen meategia eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Aldi berean, proiektu hau Foru Intereseko eta Udalez Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) bezala tramitatzea eskatu du. Modu honetan, berriz ere multinazional honek, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Baztango herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatzeko saiakera egiten ari da».
Honen kontra, «behin eta berriz adierazi dugu proiektu honek gure nekazaritza, osasuna, ingurumena, turismo, eta ekonomiarendako kalte ikaragarriak ekarriko lituzkeela. Behin eta berriz erran dugu multinazional honen helburu bakarra sosa bereganatzea dela, gu lurrik, urik eta bizimodurik gabe uzten gaituzten bitartean. Honengatik beharrezkoa da proiektu hau lehenbailehen geldiarazi eta errotik moztea».
Asteburuan Elizondon egindako behi piriniotarren ferian Nafarroako Gobernuko Landa Garapenarako eta Ingurugiro Departamentuko ordezkariak zeudenez, proiektua ez onartzea eskatu zuten plataformako kideek. «Aldi berean argi erran nahi dugu herri honek segituko duela landa eremuak bizirik mantentzearen alde borrokan eta herrien burujabetza defenditzen».
Horregatik, manifestazioa antolatu dute urriaren 12an, asteazkena, 17:00etan Elizondoko plazatik abiatuta eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte.
Herri galdeketa urriaren 23an
Irailaren 15ean egindako ez ohiko bilkuran, Baztango Batzar Nagusiak Erdizko proiektuari buruzko herri galdeketa egitea onartu zuen. Urriaren 23an eginen da galdeketa eta hau izanen da galdera: Magnak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuaren alde zaude BAI ala EZ?. 18 urtetik goitiko baztandar guziek parte hartzen ahalko dute galdeketan eta herri guziek izanen dute parte-hartze gela. Galdeketa ez-errefrendarioa izanen da eta helburua Nafarroako Gobernuari herritarren iritzia jakinaraztea da, Erdizko UGEPari buruzko erabakia hartu aitzinetik.