Herri galdeketa martxan paratzeko prozedura abiatu du 'Aroztegia eta gero zer?' plataformak

Erabiltzailearen aurpegia erran.eus 2016ko api. 4a, 08:06

Argazkia: Hainbat herritarrek jakinarazi dute herri galdeketa martxan paratzeko prozedura abiatu dutela Baztanen. / erran.eus

Horretarako Baztango zentsoaren %10ak sinatu behar luke eta apirilaren 1ean hasiko dira sinadurak biltzen.

"Ados zaude Lekarozko Aroztegia eremuan,  228 etxebizitza, hotela, eta golf zelaia biltzen dituen egitasmo urbanistikoarekin, Bai ala Ez?". Horixe izanen litzateke Aroztegia eta gero zer? Plataformak bultzatu nahi duen herri galdeketaren galdera zehatza. Martxoaren 30ean Arizkunenean egindako aurkezpenean hainbat herritarrek azaldu dutenez, «Herri galdeketa martxan paratzeko prozedura abiatu dute eta horretarako, Baztango zentsoaren %10ak sinatu beharko luke».

Sinadurak Balleko Etxeko bulegoetan bilduko dira, astean zehar  ohiko ordutegian 09:00etatik 14:00 arte, eta 10:00etatik 13:00 arte larunbatetan, kopuru hau lortu arte. Herritar bakoitzak bi sinadura eman beharko ditu, bat Baztango Udalari egindako eskaera betetzeko eta bertzea Baztango Batzar Nagusiari eskatzeko. Sinaduren bilketekin, ortzirale honetan, apirilaren 1ean hasiko dira. Sinatzaileek Baztanen erroldatutako herritarrak izan behar dute.

Herri Galdeketako prozedura abiaturik, «Aroztegiarekin gertatzen ari den bidegabekeria salatzeko, UGPS/PSISa gelditzeko eta herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko», Plataformak datorren apirilaren 23an Elizondon arratsaldeko 5etan eginen den manifestazioan parte hartzerat ere deitu ditu herritar guztiak.

www.aroztegiaetagerozer.eus web orrialdean manifestaziorako atxikimendua ematen ahal da.

«Erabaki politikoan gibelerat egitea»

Aroztegia...eta gero zer? Plataformak, bere sorreratik, hiru helburu nagusi izan dituela aipatu du aurkezpenean, «proiektu urbanistiko-espekulatzailea gelditzea, gaiari buruz herri eztabaida abiatzea eta erabaki kolektiboak errespetatzea».

Horretaz gain, proiektu honek, Lekarozi, Baztani eta landa eremuari orokorrean ekarriko lizkiokeen kalteak ere nabarmendu ditu behin eta berriz. «Inongo justifikazio sozialik eta Baztango udal planetik kanpo eraiki nahi diren 228 etxebizitzek (342 biztanle dituen herri batean), Lekarozi zein Baztani lurraldearen desegituraketa nabarmena ekarriko liokete» dio Plataformak. «Proiektu hau aitzin ateratzeko, enpresa pribatu bati baztandar guztien herri lurrak, zein herriko nekazarien lur pribatuak bereganatzeko eskubidea eman nahi zaio. Espekulazioan eta bezerokerian oinarritutako eredua delakoz, eta agortuta dagoen ustelkeriaz kutsatutako eredua izanik, aurka agertu gara».

Erabakiak non, nork eta nola hartzen diren, bulkatzen den garapen eredu honekin ere bat heldu dela uste du Aroztegia eta Gero zer Plataformak. Lekarozko herria, Nafarroako Gobernuko zenbait teknikari, epaitegiak, herri eragile, Baztango Batzar Nagusia, eta bertze hainbat ahots, proiektu honen aurka agertu direla gogoratu ondotik, «hala ere, UPN eta Geroa Baik elkar eskutik hartuta, proiektu honen alde egin dute. Argi utzi nahi dugu UGPS/PSIS hau onartzea erabaki politikoa izan dela eta posible zein ezinbertzekoa dela erabaki honetan gibelerat egitea».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!