Maya alkateak argi esan zuen: aurten Sanferminak ospatuko ditugu. Uztailean ez bada, abuztuan edo irailean.
Krisiaren larritasunaz oharturik, Udala atzera egiten hasi zen, pixkanaka-pixkanaka. Uztaileko Sanferminak bertan behera gelditzen zirela iragarri zuenean, Elizalde zinegotziari iraileko Sanferminez galdetu zioten. Ez zuen atea itxi nahi izan, agian alkate alderdikidearen aurka ez egiteagatik.
Aurten ez da Sanferminik izanen. Ez uztailean eta ez irailean, azken hori baieztatu ez bada ere.
Oraingo kezka da uztailaren 6an eta 7an jendeak, bere kabuz, festa egin dezakeela. Azken finean, hemen sekula ez da programa ofizialik behar izan ongi pasatzeko. Txupinazorik gabeko eguna Sanferminetako eguna izan daiteke: hamarretakoak, tragoak, besarkadak…eta hor birusa bere saltsan, noski.
Parte zaharreko hotel bateko jabeak esan dit 150 lagun dituela izena emanda uztailaren 6an hamarretakoa hartzeko; eta beste horrenbeste bazkaltzeko.
Udalak horren berri ere badaki. Eta ikaratzen hasia da. Ez zaio arrazoirik falta.