Etxealdi-itxialdiak txarretik du gehiena, noski. Onetik zerbait? Nik bestela ezagutuko ez nituzkeen liburu batzuk irakurri izana zor diot. Horietako bat Amaia Olorizen “El largo sueño de tu nombre”.
Herenegun, Santo Domingo karrikako Abarzuzara joan nintzen, Karmele Jaioren “Aitaren etxea” liburua erostera. Bost minutu lehenago, bezero batek eramana zuen azken alea, eskaparatekoa. Martzelak, orduan, Olorizen liburua gomendatu eta etxera ekarri nuen.
Nobela arina da, atsegina eta ongi idatzita. Iruñean kokatua, kazetari bat protagonista duena. Memoria historikoa dago historiaren oinarrian. Ti-ta irakurri dut, bi arratsaldetan, birus nazkante horri esker.