Ez dakigu noiz eta nola aterako garen ataka honetatik. Argi dago mugarri honek denbora berria ekarriko digula. Nolakoa? Auskalo.
2008ko krisitik honela atera ginen: pobreagoak, gizarte arrakala handiagotuta, babes eta konfiantza gutxiagorekin, eta demokrazia bera ere kaltetuta. Joaquin Estefania kazetariaren hitzak dira, Estos años bárbaros liburu interesgarritik hartuak.
Aipa ditzagun krisi honek utzi dizkigun lezioetako batzuk: globalizazioa ez da uste genuen pagotxa hura; uste baino txikiagoak eta ahulagoak gara; arazo larriei aurre egiteko elkartasuna bezalakorik ez dago; kazetariak, benetako kazetariak, beti bezain beharrekoak ditugu; sektore publiko indartsua behar dugu, bereziki irakaskuntza eta osasun sistema onak bermatzeko; eta Nocio Urdinek arrazoi du: ustez etekinik ematen ez duten gauza batzuk –poesia, filosofia,musika- balio handikoak dira. Musikaren balioa ederki frogatzen ari garen egunotan.
Lezio horiek ikasiko bagenitu, askoz hobea litzateke mugarriz beste aldeko mundua.