Luze joko duen krisi honek dena hankaz gora jarri digu: ekonomia, eguneroko bizimodua, Aste Santuko oporrak, kirol txapelketak… Lezio batzuk era erakutsi dizkigu, horien artean ukondoa eskua baino hobea dela eztul edo doministikuen babeserako. Elkar agurtzeko modua ere aldatu digu, eta lana etxetik egiteko moduaz ere hausnarketa eginarazi.
Munduan barna aise mugitzen den kabroi horrek beste hausnarketa batzuk eragin beharko lituzke, osasun sistemaz edo gure ekonomia ereduaz, bi aipatzeagatik.
Niri, momentuz, erantzunik ez duen galde ikur handi bat utzi dit. Atzo erosketak egitera joan eta komuneko papera agorturik zegoen. Langile batek esana ikasi nuen hori normala dela horrelako krisietan. Jendeak, nonbait, komuneko paper biribilki pila bat erosi eta etxean gordetzen du, badaezpada ere.
Nik garbantzu, olio edo urdaiazpikoak pilatzea ulertuko nuke, baina komuneko papera…zergatik, zertarako? Horra hor luze joko duen krisia amaitu aurretik argitu nahi nukeen misterioa.