Azken egunotan, sozialistek bi bilera ofizial eta publiko egin dituzte ezker abertzaleko ordezkariekin. Lehena Nafarroako jauregian, heldu den urteko aurrekontuez mintzatzeko. Bigarrena, herenegun Madrilen, Sanchezen inbestiduraz hitz egiteko. Bi bilera, argazki eta guzti. Azken hori da esanguratsuena.
Argazkiak mezu argia darama berekin. Aro bat amaitu eta beste bat hasi da, Nafarroan ere, Nafarroan batez ere.
Chivitek ezker eskuin begiratu nahi zuen legeak aurrera ateratzeko. Honez gero, argi gelditu da: eskuinetik purrustada baizik ezin dezake espero. Gobernuaren geroa, beraz, EH Bilduren esku dago.
Aurrekontuen gaineko eztabaida argigarria izanen da. Sozialistak eta abertzaleak ados jartzen badira, egoera nabarmen aldatuko da guztientzat. Agian, bereziki, nafar eskuinarentzat.