Azken bi asteburuetan, bi ikuskizun oso diferentez gozatzeko parada izan dut. Hauteskunde egunaren bezperan, Altsasun, Erlauntza antzerki emanaldia ikusi nuen. Gozatu egin nuen Mireia Garmendiaren lanarekin. Nik eta aretoa gainezka bete zuten gainerako ikusleek. Emakumezkoak gehienak proportzio oso handian: hamarretik bederatzi esanen nuke.
Pasa den igandean, lau eta erdiko pilota txapelketaren finala. Frontoia gainezka, giro paregabea eta partida ona. Sarrerak Altsasun baino askoz garestiagoak, hori ere esan behar da: halako hamar edo.
Pilotazaleen artean gizonezkoak ziren nagusi. Hamarretik bederatzi esanen nuke.
Antzerkia eta pilota. Hobeki esan: antzerkia edo pilota, ikusitakoa ikusita oso gutxi baitira bietara joaten direnak. Emakumezkoak antzerkira, gizonezkoak pilotara. Ikuskizunetan ere nabarmena da generoen arteko arrakala.