Patxi, Patziku, Pako, Frantzisko, Pattitto. Izen asko, izan bakarra. Berrogeita bost urte Erorien Haranean egin ondoren, gaur zulo hartatik aterako dute El Pardoko kanposantura eramateko.
Ez zait gaizki iruditzen, baina ez dago txaloka hasteko arrazoirik. Diktadore ankerrari ohorezko tokia eskaini zaio berrogeita bost urtez, eta Sozialistak ere lotsagabekeriaren errudunak dira. Urte asko egin dituzte gobernuan eta ez dute deus egin.
Azkenean, Sanchezek egin du. Gaur, beraz, sozialisten hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia, non eta Erorien Haranean, Patxi laguntzaile dutela. Hamaika ikusteko sortuak gara: Franco sozialisten aldeko kanpaina eginez.
Ongi dago Patxiren gorpuzkinak batetik bestera eramatea. Aukeran, ordea, haren ideologia eta eragina mugitzea nahiago nuke, oraindik ere uste baino zabalduago daudelako.