Politikari eta administrazioetako arduradunek soldata duina merezi dute, gainerako guztiok bezala. Soldata duina eta gardentasuna, bakoitzak zenbat kobratzen duen jakin dezagun. Garai batean, oso zaila zen Gobernuko kontseilarien benetako soldata ezagutzea. Aurrekontuan zegoen soldata ofiziala aipatzen zuten, hortik kanpo beste horrenbeste poltsikoratzen zutela aipatu gabe. Nafarroako Kutxaren eta enpresa publikoen kontseiluko kide egitea zen soldata handitzeko bidea. Batzuetan lan eginen zuten enpresa horietan. Beste askotan, kolperik jo gabe dirutza lortzen zuten. Biztanleriak ordaintzen ditu politikarien soldatak. Soldata duina izan dadila, bakoitzak duen erantzukizunaren araberakoa. Duina eta bakarra: aurrekontuan dagoena. Eta politikariak egin beharreko guztiak egin ditzala soldata horren truke. Maya alkateak ere jakin behar luke hori dela gardentasuna bermatzeko modu hoberena.