Nafar sozialisten egoitza nagusia ez da Iruñeko Sarasate pasealekukoa, Madrilgo Ferraz karrikakoa da. Han eta hangoek erabakiko dute hemengoa, Sanchezen interesen arabera, 2007an bezala. Gogoratu ordukoa: bilera eta adierazpenak, hamaika buelta, Madrildik behin betiko agindua heldu zen arte: neska mutilak, honaino heldu zarete. Amaitu da festa.
Barkosek-eta oso gogoan dute uda hura. Luzeegia eta etsigarriegia izan zen hamaika urtean ahazteko. Horregatik, Axular gogoan, egin beharrekoa azkar egiteko eskatu omen diete, geroko gerorako utzi gabe. Gauza jakina baita “deusek ere ez duela hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko uzteak”.
Chivitek Axular nor den ez baitaki, norbaitek Gero-ren gaztelaniazko laburpena eman beharko lioke. Guztiok eskertuko genioke, 2007ko uda luze eta etsigarria oraindik oso gogoan dugulako.