Hauteskunde kanpainak nabarmen aldatu badira ere, tradizio batzuk sekula ez dira galtzen.
Horietako bat Madrilgo ordezkarien ordu erdiko bisitak. Eskerrak gurera etortzen direla, gu zer garen eta zer behar dugun jakin dezagun.
Beste madrildar batzuk etorri ere ez dira egiten. Mezua Espainiako hiriburutik bidaltzen digute, Nafarroarentzat hoberena zer den ikas dezagun.
Horiek gazte-gaztetatik alde egin zuten gure erreinu zaharretik, txiki geratzen zitzaielako. Horietako batzuk ideologia jakin bateko nafar politikarien seme-alabak dira, semeak batez ere. Pozik bizi dira han, nekez bueltatuko lirateke hainbeste maite duten lurralde txiki honetara.
Hala ere, tradizionalistak baitira, sekula ez dute galduko hauteskunde kanpainako ohitura. Aurten ere, madrildartutako nafarrek argi esan digute zer garen, zer behar dugun. Madrildik, noski. Hain ataka larrian omen dagoen erreinu honek ez du ordu erdiko bisita ere merezi.