Bob Dylan Iruñean izan zen lehengo egunean. Hogei kantu eskaini zituen. Lehena “Things have changed”: Gauzak aldatu dira… hauteskunde kanpainetan ere.
Gogoratu duela hogei bat urtekoak. Kanpaina hasi eta berehala, lagun koadrila batzuk ikusten genituen, kartelak eta kola-pote handiak eskuetan, hautagaien irudia paretetan itsasteko. Gaur hasiko den kanpainan kola-potedun talde gutxi ikusiko ditugu.
Pegatinak, beste klasiko bat. Garai batean, batzuek paparrean jartzen zituzten, harro, zer alderditakoak ziren argi uzteko. Alderdi guztienak biltzen zituenik ere bazen. Noiztik ez duzue pegatinarik ikusi?
Eta mitinak, noski, hauteskunde kanpainetako klasikorik klasikoena, gaur egun ia ahaztua. Baietz Iruñeko Anaitasuna bete! Horixe izaten zen erronka. Norbait ausartuko al da aurtengoan?
Bob Dylanek arrazoi du. Gauzak aldatu dira, hauteskunde kanpainetan ere.