Mesedez ozen esan negua joan egin dela. Hala da, bai, astebete egin baitu udaberriak gure artean. Kontua da aurtengo negu epelean eguzkia ez dela teloian atzekaldean gelditu, maiz ikusi baitugu hodeien artean harro, otsaileko egunak ere berotuz. Beraz, ateratzeko beldur eszenikorik ez udaberri hasieran.
Nik gustuko dut udaberri hasierako egunetan eguzkiaren ferekaz gozatzea. Herenegun arratsaldean, bilera bat uste baino lehenago amaitu eta opari bitxia egin nion nire buruari. Sarasate pasealekuko Nalia izozki-dendako atean bizikleta utzi, izozkia erosi eta Iruñean betidanik gaztetxoen topaleku izan den Foruen Monumentuaren oinarrian jarri nintzen, goxo-goxo, erlojuaren diktaduratik libre. Parentesi laburra: bost minutu zoragarri udaberri hasi berriaz gozatzeko.