Macronen alde

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2019ko mar. 21a, 12:14

Politikak kontsignatik gehiago du diskurtsotik baino. Gaur egungo politikak mezu laburrak nahiago ditu; esaldi borobilak; eta arazo korapilatsuetarako soluzio magikoak. Esaterako: zerbitzurik hoberenak nahi dituzu, zerga gutxiago ordainduz? Eman botoa guri. Gezurra badirudi ere, jende askok erosten ditu holako ergelkeriak.

Horregatik, pozgarria da Macronek Frantzian bultzatu duen debate handia. Itxura egiteko besterik ez? Txaleko horiak-eta lasaitzeko? Hala bada ere, ekimena txalogarria iruditzen zait. Hamar milatik gorako bilera egin dituzte eta miloi eta erdi biztanleren iritzia jaso dute Internet bidez. Herenegun, debatea amaitzeko, presidentea 64 pentsalarirekin elkartu zen. Zortzi orduko eztabaida egin zuten, errepublika nola hobetu daitekeen hausnartzeko.

Eztabaidaren fruitu zehatzak ikusteko daude. Baina, momentuz, debatearen beraren balioa da azpimarragarriena. Politikak txio, kontsigna eta ergelendako mezu gutxiago behar ditu. Eta diskurtso eta eztabaida gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!