Oscar sariak banatu diren astean “Green book” pelikula aipa genezake, filma hoberenarendako saria lortu duena oso ona delako. Baina azken egunetako hainbat albistek duela hiru urteko Oscar sarietara eraman gaituzte. Orduko irabazlea “Spotlight” izan zen. Gaia: eliz gizonek haurrei eginiko sexu abusuak.
Azken egunetan ikusi dugunez, gaiak ez du gaurkotasunik galdu. Olatu izugarria da, mundu osoko eliz barrutiak kakaztu dituena. Pasa den asteburuan, Vatikanoko buruek adingabeen aurkako sexu abusuei buruzko goi bilera egin zuten. Handik bi egunera, egunkari guztiek George Pell kardinalaren argazkia zekarten. Epaile batek haru bat bortxatzeagatik zigortua zuen.
Australiatik Garesera. Herenegun, Garesko ikastetxe bateko fraide baten sexu abusuak ezagutu genituen, ikasle ohi baten ahotik. Salatzailea Perez artzapezpikuarenera joan zen, barnea hustera. “Hormigoizko harresi batekin egin nuen topo”, esan du gizonak. Artzapezpikuak ez du gaiaz hitzik egin nahi. Isiltasuna, batzuetan, ia sexu erasoa bezain nazkagarria iruditzen zait.