Prevert poeta frantziarrak zioenez, hiri bat ezagutzeko autoz ez, oinez ibili behar da, batetik bestera, pausoak zenbatu gabe. Hiriaren historian eta istorioetan interesa dutenak bi multzotan banatzen dira: istorio horiek artxiboetan bilatzen dituztenak; eta informazioa karrika, plaza eta tabernetan hartzen dutenak.
Gutxi dira artxiboa eta poteoa uztartzen dituztenak. Horietakoa izan zen Iruñeko karrikez gehien jakin duena: Jose Joaquin Arazuri.
Medikuaren izena daraman pasealekuan dago, notak hartzeko koadernoa eskuan, baina betaurrekorik gabe, eskultura egin eta berehala norbaitek kendu zizkiolako. Kabroia izan behar da, gero, Arazuriri betaurrekoak kentzeko.
Atzotik, betaurreko berriekin, hobeki ikusten ditu Iruñeko karrika, plaza eta eraikinen bilakaera, baita eta gu guztion joan-etorriak ere.