Nik ere, igandeko lau eta erdiko finala telebistan ikusi beharko dut. Sarrera erosi, ez erosi alferrikako zalantza izan nuen, Interneten salgai jarri eta denak amen jesus batean agortu zirelako. Zer eginen diogu!
Igandeko partida historiara pasako da, bi arrazoirengatik. Lehen aldiz, Iruñean jokatuko delako, hain izen itsusia duen Arena pilotaleku handian; eta botilerorik gabeko lehena izanen delako. Pilotariei kosta egiten zaie enpresen erabakia ulertzea, eta ez da harrigarria. Izorratzea helburu bakarra duen neurria dela ematen du.
Eta pronostikoaz zer? Nik apusturik egitekotan, sentitzen dut, baina Jokin Altunaren alde eginen nuke. Hain gaztea bada ere, buruz bururako funtsezkoa den dohainaren jabe da: heldutasuna, patxada, lasaitasuna. Ofizioa, hitz batean.
Joseba Ezkurdiak gora egin du azken hilabeteotan. Dena den, amezketarra baino koska bat beherago dagoela iruditzen zait. Hala ere, etsai gogorra da eta inor ez litzateke harrituko txapela Sakanara eramanen balu.
Polita litzateke, bai, sakandarrei ospakizunerako aitzakia ematea.