Hiru urte bete dira aldaketa ekarri zuten hauteskundeak egin zirenetik. Hiru urteko ibilbideak, noski, argi-ilunak izan ditu. Argi nabarmenenak, begi bistakoenak, kontu publikoen hobekuntza.
Gobernua lanean hasi zelarik, Ogasunaren egoera oso larria zen: eguneroko ordainketak egiteko maileguak eskatu behar ziren. Horri buelta eman zaio. Orain, diruzaintzako saldoa positiboa da. Eta urte askoan lehen aldiz, Gobernua gastu eta diru-sarrerak orekatzeko ez ezik, superabita lortzeko ere gai izan da.
Lorpenetan ezin aipatu gabe utzi hitzarmen ekonomikoa. Azken urteetan, Nafarroa dirutza galtzen ari zen, Estatuari behar baino gehiago ordaintzen ziolako. Iazko abenduaren amaieran sinaturiko hitzarmena funtsezkoa izan da hori zuzentzeko. Zer esanik ez dago: horrek eragina izan du kontuen hobekuntzan.
Laukoak onartu zuen zerga erreformak ere lagundu du horretan, diru-sarrerak handitu dituelako.
Hiru urtetan, hiru kontu, elkarri lotuak eta esaldi batean laburbil daitezkeenak: kontuen hobekuntza nabarmena.