Zaila da nafar parlamentari guztiak ados jartzea. Arizmendiarretaren lagunak elkarteak, ordea, lortu egin du. Hilabetea amaitu baino lehen, talde guztiek elkarteak bultzatu duen mozio bat eramanen dute osoko bilkurara. Gaia: enpresa eredua aldatzea. Eredu horrek enpresa humanizatzea du helburu. Horregatik, langileen parte-hartzea sustatu nahi du, gardentasuna bermatu, gizonezkoen eta emakumezkoen lan baldintzetan berdintasuna ziurtatu, langileen prestakuntza bultzatu eta gizartearekiko konpromisoa areagotu. Laburbilduz: kooperatiben eredua bestelako enpresetara eramatea proposatzen dute. Esan bezala, Parlamentuko talde guztiak ados omen daude horrekin. Batzuek, benetan, ereduan sinesten dutelako; besteek, holako testu bati ezezkoa ematea zaila delako.
Epe luzeko kontuaz ari gara, batzuek amets hutsa dela esanen dute. Bada, norbaitek kapitalismo itsuari aurre egiteko soluzio hoberik balu, mahi gainean jar dezala.