Orain arte, Auzolan zen etxetik hurbilen nuen liburu denda. Eta ez naiz parte zaharrean bizi, Donibanen baizik. Duela gutxi arte, etxetik bost minutura lau liburu denda genituen. Laurak itxi dituzte. Liburuak erosteko aukerarik ez, baina zinea oraindik ikus dezakegu. Iruñeko zine areto batzuk baditugu, Iruñeko azkenak. Iraunen ahal dute!
Gure mundua oso aldakorra da, gure hiriak ere, eta gu geu, noski. Gauza jakina da Iraganean bizi beharrean, egoera berrietara egokitzen jakin behar dela. Baina niri kosta egiten zait zine aretorik eta liburu dendarik gabeko hiria irudikatzea. Iruñea hori ilunagoa eta tristeagoa litzateke.