Enpresetan bezala, instituzioetan ere estrategia behar da. Kontua da egunerokoari aurre egiteak nahiko lan ematen duenez, askotan ez dagoela epe luzeagoko begiradarik. Eta hori akats handia da. Bada hori ederki laburbiltzen duen esaldi ezaguna, De Gasperi politikari italiarrak esana: “Politikari batek hurrengo hauteskundeak ditu buruan; estatu-politikari batek, berriz, hurrengo belaunaldia”. Laburregiak dira agintarien agintaldiak, eta motzegia gehienen begiradak gizartearen erronka nagusiei behar bezala heltzeko.
Herenegun, Nafarroako udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea Parlamentura joan zen, Nafarroan hutsik geratzen ari diren herrien egoeraz mintzatzeko. Pablo Azkonak esandakoaren laburpena hauxe duzue: Nafarroako erdialdeko eta Pirinioetako herri asko desagertzeko bidean daude. Lurraldeen arteko oreka eta gizartearen zahartzea dira, dudarik gabe, gizarte honen arazo eta erronka nagusienetakoa. Horretaz, ordea, agintariek gutxi hitz egiten eta oposizioak gutxiago.