Iruñeko erorien monumentua, eraikin itsusia izateaz gain, oso iraingarria da. Izan ere, diktadorea hil zenetik berrogeita hiru urtera hor segitzen du Franco eta haren aldekoei omenaldi eginez, hiriko toki guztietatik ikusgai.
Ondare historikoen defendatzaile omen diren batzuek eraikina ez botatzeko eskatu dute, hori astakeria handia litzatekeela argudiatuz. Hiri honetan, duela bi mila urteko aztarna arkeologikoak suntsitu izan dira, batere arazorik gabe. Eta ondare historikoaren defendatzaile horiek mutu gelditu ziren. Horregatik, harrigarria da orain hain sutsuki defendatzea gerra ondorengo eraikin itsusia.
Erorien monumentua botata, bi helburu lortuko genituzke: batetik, eta batez ere, leku iraingarria desagerraraztea; eta, bide batez, Carlos hirugarrenaren eta Lezkairuko aldearen arteko tapoia kentzea, zona horri bestelako airea emateko: zabalago, sanoago eta askeagoa.