Kontuen Ganberan talde askoren bisita jasotzen dugu: ikasleak, kultur taldeetako jendea eta bestelakoak. Herenegun bisita berezia genuen hitzartua. Garunean kalteren bat duten Adacen elkartekoak.
Hogeita bost bat lagun etorri ziren, adin guztietakoak, eta sei laguntzaile. Gehienak aulki gurpildunetan. Denak iktus edo istripu baten ondoren elbarri geratutakoak.
Bisita hasi baino ordu bete lehenagotik ziren Antsoleaga karrikaren inguruan. Furgonetak utzi, aulkiak atera, gure egoitzarainoko bidean guztiei lagundu… Gure etxea monumentu nazionala izanik, ez dago elbarrituen baldintzetara egokituta. Beraz, sartzeko eta barnean ibiltzeko komeriak. Koskak gainditzeko aldapatxoak jartzen ibili ziren laguntzaileak.
Etxeko eta inguruko kontuen berri eman genien. Kontuen Ganberak egiten duen lanaz ere mintzatu ginen. Jakin min handia erakutsi zuten. Hitz egiteko gaizki moldatzen zirenak ere ez ziren mutu gelditu. Talde gutxitan ikusi dut nik horrenbesteko interesa.
Atzo elkartearen mezu bat jaso genuen. Taldeko ordezkariak bisita eskertu eta asko ikasi zutela zioen.
Nik gehiago ikasi nuelakoan nago.