Batzuk kakazturik, besteak demagogiaren txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia

Espainiarena oso demokrazia ahula da, herrena. Ez dugu besterik gehitu behar, haren ajeak aletzeko ordu beteko manifestua beharko genukeelako. Larriena da sistema hori ontzeko bidean jar dezakeen zantzurik ez dela inon ikusten.

Atzo bertan, espainiar nazionalista bat ikusi nuen telebistan, nazionalismoaren arriskuez solasean, PPren boto zakutik beste milaka batzuk hartzeko asmoz. Eskuin berria omen da hori. Espainia bat eta bakarra inork baino sutsuago aldarrikatzen duena. Nazionalista izan gabe, noski.

Eskuin berriko horiek gaztelania ez diren hizkuntzen aurka mintzo dira, lotsarik gabe, hemen ere batzuek erabiltzen duten adibidea errepikatuz: zuk zer nahiago duzu: mediku euskalduna edo mediku ona. Nik lotsa zer den dakiten politikariak nahi ditut, horixe erantzunen nioke.

A ze panorama Espainiakoa! Ezkerrekoak iparra galdurik edo labankadaka. Eskuinekoetan, nagusia guztiz kakazturik eta beheranzko bidean. Eta demagogia merkeenaren txapeldunek gora. Hurrengo legegintzaldian, bi eskuinen arteko koalizioa besterik ez genuke behar.