Hainbeste kontu hobetzeko dituen gizarte hau aldatuko badugu, ameslariak behar ditugu.
Lehengo egunean, horietako batekin elkartu nintzen. Kooperatiba bateko zuzendari ohia, beste jubilatu batzuekin batera nafar enpresen eredua aldatzeko estrategia landu du.
Langileen eta enpresarien arteko konfiantza handiagoa aldarrikatzen dute; langileen parte hartze handiagoa zuzendaritza taldeetan, estrategian eta kapitalean ere; soldata duinak; gizon eta emakumezkoen soldatak berdintzeko beharra azpimarratzen dute; eta prestakuntza plan serio eta etengabea; gardentasuna eskatzen dute, langileek ere enpresaren egoeraz informazio zehatza izan dezaten; iruzur fiskalaren aurkako konpromisoa; etekinen zati bat gizarte proiektuetara bideratzea nahi dute.
Bi hitzetan: enpresa eredua goitik behera aldatu beharra aldarrikatzen dute. Ez da erronka makala.
Zergatik sartu zara holako saltsa batean? galdetu nion. Bilobak ditudalako, horixe izan zen haren erantzuna.
Taldeko kideek Parlamentuan aurkeztuko dute proposamena, otsailaren 7an. Erne egon, gaiak merezi du eta.