Pasa den larunbatean, autobus geltoki zaharrera hurbildu nintzen, Gobernuak 948 kultur egitarauaren barnean antolatu zuen liburu azoka ikustera. Kultura departamentuak, lehenbiziko aldiz, aukera eman die hemengo argitaletxeei literatur produkzioa erakusteko. Durango txikia euskaldunen hiriburuan.
Heldu eta berehala, hortik gutxi duen negozioan dabilen lagun batekin topo egin nuen. Hunkiturik zegoen gizona, behingoz foru administrazioak liburugintzaren aldeko zerbait egina zuela ikusita.
Gustura ibili nintzen liburu artean bueltaka. Berriei kasu gehiago eginez, noski, baina garai batekoei ere erreparatuz. Bi konklusio atera nituen: batetik, Pamielari-eta uste baino gehiago zor diegula, urtetan eginiko lana izugarria delako, oso balio handikoa; bestetik, oso luzea izan dela orain arteko lehortea. Horregatik, holako langar gozo batek poztu eta hunkitu ere egiten gaitu.