Protokoloaren neurria

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2017ko urr. 26a, 13:25

Protokoloan neurria funtsezkoa da. Eta ez naiz ari Bardeako Komunitatearen protokolo-gastuez.

Herenegun Montxo Armendariz-ek Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxak ematen duten Humanitate, Kultura, Arte, Gizarte eta Zientzien saria jaso zuen.

Ordu eta erdian, hamaika lagun mintzatu ziren: Euskal Herriko sei unibertsitateetako ordezkariak; sariaren atzean dauden bi erakundeetako buruak; sariduna; eta, azkenik, Urkullu eta Barkos lehendakariak. Hamaika hitzaldi eta errepikapen asko. Batetik, batzuek euskaraz eta gaztelaniaz gauza bera esaten dutelako. Eta, gainera, hizlari gehienek Tasioren historiak eragindako zirrara aipatu zigutelako; edo zinemagilearen maisutasuna barneraino sartzen zaizkigun istorioak kontatzeko.

Holako ekitaldi batean derrigorrezkoa da protagonistari, antolatzaileei eta agintari nagusiei hitza ematea. Honaino, bost hitzaldi. Seigarrena epaimahaikideen ordezkariarena izan zitekeen, ez baita derrigorrezkoa guztiei hitza ematea, lehengo egunean egin zuten bezala. Sei hitzaldi, gehienez bost minutukoak: ordu erdi bat. Aurkezlearen hitzak gehi hiru minutuko bideoa, berrogei minutu. Neurri hoberena, hortik aurrerakoa sobera delako. Are gehiago: nik debekatu eginen nituzke 40 minututik gorako protokolo ekitaldiak.

Hortxe nire proposamen xumea, heldu den urteko ekitaldia hobetzeko.

Eta besterik ez, ni ere luzeegi aritu bainaiz gaur, hirurogei segundo baino gehiagoko minutu honetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!