Bihartik aurrera, Iruñean liburuak karrikan ikusi eta erosteko aukera izanen dugu. Negoziotik gero eta gutxiago duen liburuen salmentan ari direnek denetarik egin behar izaten dute, hortik biziko badira.
Liburuak, beraz, kalean. Eta liburu saltzaile batzuk, tamalez, kale gorrira. Liburu azokaren astean berean jakin dugu Iruñeko Gomez liburu dendak itxiko direla. Lau liburu denda gutxiago.
Nik badakit hiri honetan ere denden mugimendu handia dagoela. Batzuk itxi, besteak zabaldu… eta Amancio Ortegaren nagusitasuna gero eta nabarmenago.
Baina liburuena diferentea da. Arrazoi askorengatik, liburu-dendak ixteak pena handia ematen du.
Zorionez, Iruñean oraindik baditugu negoziotik gutxi duen jarduera horri eutsi nahi diotenak. Bihartik aurrera, Gaztelu plazan ikusiko ditugu. Zer erosia ez da faltako eta, antza denez, eguraldia ere ongi enkargatuta dute.
Aitzakiarik ez, beraz, huts egiteko.