Albiste onak behar ditugu. Gaur goizekoa bezalakoa: 2.000 langabe gutxiago. Beste bat: Eusko Alderdi Jeltzaleak eta PPk egina dute tratua. Horren ondorioz, Gasteizko Gobernuak 1.400 milioi jasoko ditu kupoaren azken hamar urteotako likidazioagatik. Eta aurten 956 milioi ordainduko ditu Estatuak hiru lurraldetan ematen dituen zerbitzuengatik.
Azken hamarkadetan, gure anai-arreben atzetik joan gara hitzarmen ekonomikoaren negoziazio bidean. Haiek tratua itxi eta horixe lortu ohi genuen guk. Hala bada, Nafarroak dirutza jaso dezake Madrildik, azken urteotako ekarpenen likidazioagatik; eta, noski, urteko ekarpena nabarmen jaitsiko litzateke, ez baita normala Nafarroak beste hiru lurraldeen erdia baino gehiago ordaintzea. Ogasunaren egoera zein den kontuan hartuz, horrek kontuak berdindu eta inbertsioak egiten hasteko aukera emanen luke.
Hori ere oso albiste ona litzateke.