Hitza Koldo Martinezi zor badiogu ere, Geroa Baiko eleduna ez da abeltzale bakarra. Asko gara, azken hemeretzi urteotan, Abel Barriola pilotaria ikusiz gozatu dugunok.
Leitzarrak hemeretzi urteko ibilbide oparoa egin du, hiru txapel nagusiak barne: buruz burukoa, binakakoa eta lau t´erdikoa.
Pasa den asteburuan, azken txapelketako partida jokatu zuen, eta behin betiko agurra Labriten izanen da, maiatzaren 6an. Egun horretan, Iruñeko pilotalekua gainezka beteko da, Barriolari eskertu beharrekoa eskertzeko: profesional handia izan dela; pilotari dotorea, ezker eta eskuinez; tipo atsegina; eta kazetariok bereziki eskertzen duguna: etorri handiko hiztuna, elkarrizketetarako paregabea, euskaraz batez ere… euskara ere dotorea baitu, hamaika elkarrizketatan erakutsi duen bezala. Eta hori ere, abeltzale-euskaltzaleok zinez eskertu beharreko kontua dela iruditzen zait.