John Carlin kazetari britainiarrak Twitteren aurkako boikota eskatu du, Trump bakar-bakarrik uzteko hain gustuko duen komunikabidean. Inork ez diezaiola kasurik egin, inork ez ditzala haren ergelkeriak zabaldu. Horixe kazetariaren proposamena.
Amerikar presidenteen zerrenda hartuta, argi dago nork bere gustuko komunikabidea izan duela. Roosevelt-ek irratia erabili zuen; Kennedyk telebistari etekin handia atera zion eta Trumpen gustukoena Twitter da.
Ez da harritzekoa. Politika kontu oso korapilatsu eta konplexua bada ere, munduan badira den-dena oso argi ikusten duten politikariak. Arazorik handienak di-da batean konpontzeko gai direla diote. Gezurretan ari dira, noski, baina jende askok aise erosten du diskurtso hori, Ameriketan eta Europan ere. Holako politikariek 140 karaktereko mezua aski eta sobera dute.